2022ko Alardearen balorazioa

2022/09/18

Beste behin, Aginte Batzordeak eta Alarde Fundazioa Hondarribiak, publikoki baloratu nahi dute 2022ko Alardea.
Normaltasunera itzultzea eta istilu eza izan dira 2022ko mezurik azpimarragarrienak. Alardearen inguruan dauden ekitaldi guztiak ospatu ahal izan dira: konpainia eta batasunen aurrez aurreko bilerak, kantineren hautaketak, Alardearekin Bat ekitaldia, entseguak, Alardeko tabernen inaugurazioa, Herriko Banderaren igoera Parrokiara eta honen itzultzea irailaren 10ean, irailak 6ko kantineren omenaldia, eta batez ere, Guadalupeko Ama Birjinaren botoa bete dugu.
Ekitaldi guztiek izan dute herritarren babesa. Herritarrak pandemiak azken bi urteetan galarazi zituen ekitaldi hauek ospatzeko irrikaz egon dira uneoro. Bai herritarren eta baita batailoiaren jarrera ere, ekitaldi orotan, eredugarria izan da. Horregatik, Alardearen antolatzaile den Alarde Fundaziotik hitzematen dugu lanean jarraituko dugula gure arbasoetatik jasotako ondarea denboran zehar iraun dezan.
Horrela, Hondarribiko Alardea ospatu dugu beste behin gure arbasoek egin zuten bezalaxe. Bake eta errespetuzko Alardea izan da, eta gainera, Hondarribiko herriak masiboki babestua.
Aurreko urteetan ez bezala, 2022an ez da inolako istilurik izan, eta, horren harira, eskerrak eman nahi dizkizuegu egun batzuk lehenagotik Alardea igarotzea ilusioz eta pozez itxaron duten emakume guztiei, zeinak aurten edukazio eta tolerantzia lezioa eman duten. Alardea ulertzeko beste moduak errespetatu dituzte, edozein probokazioren gainetik. Halaber, bihotzez eskertzen diegu, nola edo hala, Hondarribiko Alardea osatzen duten pertsona guztiei.
Hala, 2022ko Hondarribiko Alardeak berriro ere erakutsi du duen gaitasun integratzailea, adin guztietako pertsonak elkartu baititu. Interakzio eta parte-hartze nabarmena izan da, bai desfilean eta baita sare sozialetan ere islatu da, azkeneko honetan inoiz baino handiagoa izan da mugimendua.
Azken hitz hauek Hondarribiko herritarrek Alardea antolatzeko egiten duten ahalegina eskertzeko baliatu nahi ditugu, bai Alardea antolatzen zein finantzatzen laguntzen. Eta, nola ez, Alardea ulertzeko modu guztiekiko errespetua eskatu nahi dugu, gurea barne. Gure ustez, horrela soilik jarrai dezakegu betetzen, bakean eta harmonian, Guadalupeko Ama Birjinari zin eginiko botoa, gure adinekoek transmititu ziguten moduan.
Lanean jarraituko dugu hurrengo urteko Alardea are hobea izan dadin.
ALARDE FUNDAZIOA