KOMANDANTEA

Félix Morán Pérez (2012. urtetik)

KAPITAINA

Pedro de Miguel Hernández (2011. urtetik)

TENIENTEA

Marcos García Márquez

BANDERA ERAMAILEA

Roberto Díaz Vitoria

2019KO KANTINERA

Ainhoa Camello Lekuona

Kontaktua

Zalditeria Hondarribiko Alardean parte hartzearen lehenengo adierazpen idatziak 1881. urtean datza, ordutik bertan etengabe parte hartu dute. Hasiera batean, Zalditeriak erabiltzen zituen zaldiak beraienak ziren, edota beraiek lortzen zituzten, baina aurrerago denak elkarrekin ekartzen hasi ziren. Gaur egun, zalditegi pribatuetatik ekartzen dira. 

XIX.mendearen amaierako argazki batzuetan ikus daiteke zalditeriako kide batzuk jaka zuri bat soinean daramatela. Gaur egungo janzkera 30. hamarkadan erabiltzen hasi ziren.

Gaur egun, Zalditeriak 22 kide ditu Kantineraz gain. 

Zalditeriako lehenengo banderina 60. hamarkadakoa da, Betherram-eko monjek sortu zuten eta lehenengo aldiz 1967 edo 1968.urtean erabili zen, ordura arte ez zuten banderinik erabiltzen. Gaur egun erabiltzen dena honen erreplika bat da, 1995.urtean egin zena, aurretik erabiltzen zutena nahiko hondatua zegoelako. Banderin honetan San Andresen Gurutzea eta Hondarribiko Armarria agertzen dira irudikaturik.

Kantineraren aukeraketa uztaileko lehenengo larunbatean egiten da, uztailaren 1ean tokatzen bada aldatu egiten delarik. Horrela egiten da honek ahalik eta denbora gehiago izan dezan zaldian ibiltzen ikasi edota hobetzeko.Urtero, komisioko bost kidek errotazioa egiten dute Kantinera aukeratzeko, hauek arduratzen direlarik berria emateaz. Kantinera izan ahal izateko hurrengo irizpideak ezinbestekoak izango dira: ezkongabea izatea, Hondarribiarra izatea edota bertan hamar urtez bizitzea gutxienez. Adinari dagokionez, irailaren 8a baino lehen 20 urte beteak izan behar ditu. 

Iralaren 8an goizeko 6:15-6:30ak aldera biltzen dira eta zalditegietara joaten dira zaldiak prestatu eta hauek jasotzeko. Jarraian, denak elkarrekin kantineraren etxera abiatzen dira eta bertatik, Gernikako Arbolara. Arma Plazan egiten diren ekintzek irauten duten bitartean, Zalditeria ez da beraien tokitik mugitzen, hau da, gazteluaren aurrean kokatzen dira eta ez dira bertatik mugitzen. Segidan Guadalupera igotzen dira zaldi gainean, Kantinera izan ezik, egon daitezken erorketak ekiditeko. 

Ondoren, Guadalupetik jaitsi eta gero, eta arratsaldeko Alardea hasi baino lehen, zalditegira hurbiltzen dira eta hauekin Sainduara igotzen dira. Zapateroa jaitsi eta gero, Jostaldiraino joaten dira zaldiz eta bertan uzten dituzte zalditegikoak euren bila etortzen diren arte. Hau egin ostean, Kantinerarekin eta bere familiarekin batera ospakizunetara joaten dira. 

Janzkera eta armamentua

Janzkera

  • Txapela gorria.
  • Jaka granatea, bizkarrean marrazkia egiten duen zinta zuriarekin. Aurreko aldean eta sorbaldetan urre koloreko botoiak dituzte, bularrean lokarri zuriak eta galtzak beige kolorekoak.
  • Eskularru zuriak, eta gerriko zuria.
  • Bota luze eta beltzak.
  • Zalditeriako kide guztiek zaldi gainean parte hartzen dute Alardean.

Armamentua

  • Zalditeriako kideek, abanderatuak ezik, ezpata eramaten dute, kurbatua dena.

Bereizgarriak

  • Komandantea:   Besoetan bi tira, urre kolorekoa eta zuria, dituen jaka urdina.
  • Kapitaina:  Urre koloreko hiru tira jakaren besoetan. 
  • Bandera eramailea: Urre koloreko bi tira jakaren besoetan.

Kantinerak

  • Txapela gorria.
  • Jaka granatea
  • Tabladun gona luzea, beheko aldean zinta granatea duela. Pololo zuriak.
  • Bularra gurutzatzen dion banda zuria, erdian irudi alegorikoa duena, eta Kantineraren izen-abizenak eta fetxa daramana. Bandaren ertzak lotzeko, egurrezko barrika bat erabiltzen da. 
  • Eskularru zuriak eta fusta.
  • Zaldian ibiltzeko bota altu beltzak, aurreko aldean trentzatuak.
  • Zaldi gainean egiten du ibilbidea, amazona aulkiaren gainean.