Irailaren 10ean, Alardeko Agintariak 1638.urtean Hiriak jasandako Setio handian hildakoen omenez egiten den mezan parte-hartzen dute. Arma Plaza Kale Nagusiarekin elkartzen den iskinean elkartzen dira, Gazteluaren ondoan, goizeko 9:45etan, soinean galtza ilunak, alkandora zuria eta txapela gorria daramatelarik.

Udalbatzak parte-hartzen duenetan, hauek Udaletxetik atera baino pixka bat lehenago, Agintariak Parrokiara abiatzen dira, bi ilaratan, aurretik txistulariak doazelarik, Alkate Soinua joaz. Azkenak, Burgomaisuaren laguntzaileak, Komandantea eta Burgomaisua izango dira. 

Herria konpainiak ohorezko pasilloa egingo die Elizaren atarian, bai Alardeko Agintariei, bai Udalbatzari, parte-hartuko balute.

Elizaren barrualdean, ezkerraldeko (Ebanjelioaren aldea) eserlekuak hartuko dituzte, zutik jarriz Hiriko Bandera pasatzen denean, errespetu adierazle bezala. Honek dolu-xingola beltza eramango du, dolu adierazle gisa. Agintariak zutik mantenduko dira Bandera Presbiterioan ezarrita egon arte.  Udalbatza, eskuin (Epistolaren aldean) aldean kokatuko litzateke, parte-hartuko balu.

Jarraian, Herria Konpainiako eta Artilleriako Agintari batzuk, beraien Banderak eta Kantinerak, Presbiteriora hurbilduko dira, eta bertan hurrengo posizioetan jarriko dira: ezkerraldean, Herria konpainiako Bandera, Artilleriako Kantinera, Artilleriako Kapitaina, Herria Konpainiako tenientea eta Herria Konpainiako laguntzailea; eskuin aldean aldiz, Artilleriako Banderina, Herria Konpainiako Kantinera, Herria Konpainiako Kapitaina, Artilleriako Tenientea eta Herria Konpainiako laguntzailea kokatuko dira. 

Eskaintzan armak eta Banderak aurkeztuko dira, hiriko Bandera barne, egongo balitz. Eskaintzak eta Errespontsuak irauten duen bitartean, Herria Konpainiak, Elizaren ate nagusian kokaturik, eta Artilleriak, absidearen kanpoaldean jarria egongo delarik, deskargak egingo dituzte. Era berean, Parrokiako Kanpaiak “Mandoma” izeneko doinu solemnea joko dute.

Behin Errespontsuak eta Apaizaren Bedeinkapena bukatu direla, Agintariak, Bandera eta Herria Konpainiako Kantinera, Presbiterioan zeudenak, Konpainiarekin bat egingo dute eta Arkupetara abiatuko dira. Horren aurretik, Artilleria Arkupeetan kokatuko da, eta bertara ere Agintariak, Bandera eta Kantinera hurbilduko dira. Agintariak, elizara sartu diren postu eta ilara berak sortuko dituzte eta Parrokia atzean utziko dute, Udalbatzaren aurretik. Behin arkupetara iristen direla eta Herria konpainiak egindako ohorezko pasilloa zeharkatu eta gero, kalearen gibelean kokatuko dira, Herria konpainiaren musikarien aurretik. Bertatik Udalbatza eta Bandera pasako dira eta Udaletxean sartuko dira. 

Hau guztia gertatzen den bitartean, esan bezala, Parrokiako kanpaiek “Mandoma” doinu solemnea joko dute. 

Hiriko Bandera Udaletxeko balkoian ezartzen dutenean, kanpaiak geldituko dira, eta Herria Konpainiak bi deskarga egingo ditu, Udaletxeari begira. Deskargak amaitutakoan, Alardeko Agintariak Udaletxeko espaloietara igoko dira Herria Konpainiak Kale Nagusian behera jarrai dezan. Agintariak bertan itxarongo dute Herria Konpainiak Santa Maria atean bira eman eta Kale Nagusia igotzen duten arte. Ondoren, Agintariek urteroko bilera ospatuko dute, eta bertan egondako aldaketak aipatuko dituzte.