Irailaren 7an, eta 1638.urtean hondarribiarrek eta Setioan askatuak izan ziren tropek egin zuten bezala, Alardeko Agintariek Jasokundeko eta Sagarrondoko Santa Maria Parrokian ospatzen den “Te Deum” eta “Salbean” parte hartzen dute.

Egun honetan bertan, 1638.urtean, Setioaren askapena ahalbidetu zuen azken guda eman zen. 

Eguerdiko 12tan, denak batera, Parrokiako eta Guadalupeko Santutegiko kanpaiak jotzen hasten dira, iraulketa orokorrarekin. Era berean, Hiriko Txistulariak, Kale Nagusian hasiz, hiriko kaleak zeharkatzen dituzte Titi-Biliti joaz. Hainbat egilek, honen jatorria 1638.urteko garaietan dagoela diote. Abestiaren izenburu berezia, kantuaren hasierako noten onomatopeia da. Hainbat toki esanguratsuetan, Txistulariak gelditu eta Axeri Dantza jotzen dute, dantza arina, bi lauko erritmoan jota, arin-arin erritmoan hain zuzen ere; egun honetan zehar Titibilitiarekin jotzen da, eta Alardean, Musika Bandak eta Danborradak deskargak egiten direnean jotzen dute. 

Arratsaldeko 18:30etan Hondarribiko Hiria Musika Bandaren txanda da, eta berriz ere, hiriko kaleak zeharkatzen ditu “Titibiliti” eta “Axeri Dantza” joaz, Txistulariak egin duten bezala. 

Ilunabarrean, arratsaldeko 20:00etan, horren solemnea den “Te Deum” eta “Salbea” kantatzen dira Jasokundeko eta Sagarrandoko Gure Andre Mariaren Parrokian, 1638.urtean Setioaren askapena eman eta gero, Hondarribiko hiriak, Agintariek eta soldaduek egin zuten bezala. Hori dela eta, Udalbatza eta Alardeko Agintariak egoten dira ekitaldi honetan.

Arratsaldeko 20:00ak iritsi baino minutu batzuk lehenago, Alardeko Agintariak, alkandora zuria, galtza ilunak eta txapela zuria soinean dutela, Arma Plazan biltzen dira, eta txistulariak aurretik dituztelarik, “Alkate Soinua” jotzen duten bitartean, Parrokiara abiatuko dira bi ilaratan. Bertan lehentasunezko kokalekua izango dute. Modu berean, Udalbatza bildu eta Udaletxetik abiatuta, Parrokiara abiatzen dira. 

“Te Deum” eta “Salbea” interpretatzen ari diren bitartean, Herria konpainiak eta Artilleria Bateriak deskargak egiten dituzte. 

Ekitaldi honek irauten duen bitartean Parrokiako Presbiterioan Guadalupeko Amabirjinaren irudia eta Hiriko Bandera daude ezarriak, bertara abuztuaren 15ean eramana izan dena. 

Ekitaldi erlijiosoa bukatzen denean, Parrokiako organoak ere Titibiliti doinua jotzen du. 

Ordu berean, Akartegi eta Montaña konpainiak Guadalupeko Santutegian bitlzen dira, eta Guadalupeko Salbea kantatzen dute. Elizkizuna hasi baino lehen, bitartean eta ondoren, bi konpainiek deskargak egiten dituzte. 

Parrokiako ekitaldi erlijiosoak bukatuta, Alardeko Agintariak sartu diren posizio berean, Arma Plazara itzuliko dira, non Burgomaisuari Aginte Makilaren entrega egingo zaion.