Herria Konpainiak bere liburua aurkeztu du

2023/01/23

Aurtengo urte amaierak azken berri ona dakarkigu; Hondarribiko Alardeari buruzko liburu bat plazaratu da, oraingoan Herria Konpainiakoa. Obraren egilea, Jose Mari López izan da, ia hirurogei Alardetan parte hartu duena. Konpainiak Alarde Fundazioko egoitzara gerturatu zaigu bi ale eskaintzera, eta, halaber, egilearekin lantze prozesuari buruzko solasaldi bat izan dugu.

Susmoa dugu konpainiako liburu bat egiten hasteko lotura estua izango duzula honekin, ezta?

Berezia oso, bai, 62. urtetik atera naiz bertan, urte bat edo beste kale egin dut, baina ezer gutxi. Pandemia ondoren uztear nengoen, baina zorionez urte honetan bost iloba atera dira konpainian eta haiengatik berrengaiatu naiz.

Oroimenen bat datorkizu burura konpainian horrenbeste Alarde igaro eta gero?

Hainbeste oroimen berezi daude… zaila lirateke bakar bat aukeratzea, emozioz beteriko uneak bizi izan ditut, haietako bat nire alaba kantinera izan zenekoa, noski, baina askoz ere gehiago badaude. Gainera, Kale Nagusian bizi naiz ni, eta bertan momentu oso hunkigarriak bizi dira.

Nola sortu zen liburuaren ideia?

Konpainiako idazkari gisa urte dezente egon naiz, eta garai hartan ez zegoen ezer. Fermín Auzmendi ‘Miñi’-ren laguntza izan nuen, bera kapitaina izan zen 25 urtez. Kapitain ohiak anekdota eta historia asko zituen, nik, berriz, konpainiako argazki zahar pila. Pandemiako geldialdia momentu aproposa iruditu zitzaigun genuen materiala bildu eta egituratzeko. 

Liburutxo batzuk egin nituen fotokopiatuta, baina jakinda konpainiako ezer ez zegoela argitaratuta seriotasun handiagoko proiektu bat egin genezakeela pentsatu nuen, liburu batean, alegia. Horrela jaio da ‘Historia y anecdotario de la Compañía Pueblo’ izenpetu dugun liburua, eta XIX. mendetik 1999. urterainoko informazioa jaso dugu bertan.

Nolakoa izan da lantze prozesua? Zaila izan al da?

Nik artxibo garrantzitsua neukan, argazkiak ziren gehienbat, garai batean kantinera eta konpainiako kideei eskatu bainizkien. Arestian aipatu bezala, Fermínek kontatu dizkidan anekdota eta historiak txertatu ditut argazkiekin batera. Saiatu naiz argazki gehiago biltzen, baina tamalez hauetako batzuk ez dira kalitate onekoak.

Ez zait oso zaila gertatu, egia esan. Nahiz eta horrelakorik inoiz ez egin, lan pertsonal luzea izan da: testua idatzi nuen, argazkiak kopistegi batean erositako libreto batera pasa nituen eta horrela liburuari forma eman nion. Nire ustez, nahiko elegante gelditu da.

Gauza berriren bat aurkitu duzu prozesuan zehar? Edo pertsonalki hunkitu zaituen zerbait?

Pasarte hunkigarri asko. Burura datorkit 1828. urte inguruko idatzi bat aurkitu nuela. Bertan, Alardeari berriro ekiteko eskakizuna zegoen idatzita, bi edo hiru urtez debekatu baitzuten. Oso interesgarria egin zitzaidan.

Pertsona hauek irudikatzea, gaur egungo Alardea baino oinarriagozkoa zen prozesioan, baina 1638ko setioko ondorengokoak izatearen ilusioarekin desfilatzen, hunkigarria iruditzen zait.

Zer sentitu duzu liburua osatuta izan duzunean?

Oso gustura egin dudan lana da. Baina, poztasun izugarria izan da, jendeak irakur baitezake nola funtzionatu duen horrenbeste urtetan konpainiak.

Nola lortu dezake jendeak liburuaren ale bat?

Oraintxe bertan, liburua eskuratzeko modu bakarra konpainiako agintariekin kontaktuan jartzen da. Beraiek azalduko diete zer egin.