Udalak abuztuaren 24an egindako komunikazioaren eta bertan jasotako adierazpenen aurrean, Hondarribiko Alardeak argi utzi nahi du inolako elkarrizketa-prozesurik kudeatzeko eta bideratzeko gai ez den Gobernu Talde baten menpe gaudela.
2025eko urriaren 2an hitzarmen bat sinatu genuen Udalarekin, Baketik Fundazioak bitartekatutako elkarrizketa-aukera gisa aurkeztu zitzaiguna. Gure jarrerarekiko errespetua eta aintzatespena lortzeko bidea zela sinetsita egin genuen, antolatzen dugun Alardearentzat mesedegarria izateko baldintzarekin, betiere errespetuan eta leialtasunean oinarritutako jarrerak mantentzen badira.
Sentsibilitate ezberdinak aldi berean existitu ahal izatea da gure helburu nagusietako bat, eta uste dugu sentsibilitate edo pentsamendu jakin batzuk deuseztatzeko ahalegina benetako bizikidetza demokratikoaren aurka doala.
Bi bilera egin ondoren, hitz hutsak eta errespetuaren aldeko inolako borondaterik eza antzeman genuen, eta, horrez gain, Gobernu Taldeak egindako eztabaida-prozesu paraleloaren berri ere izan genuen. Gurekin sinatutako hitzarmenean jasotakoez bestelako asmoak zituen prozesu horrek. Gauzak horrela, otsailaren 18an, prozesuarekiko gardentasun- eta leialtasun-faltagatik elkarrizketahitzarmena bertan behera uzteko erabakia Igor Enparan alkate jaunari eta Baketik Fundazioko Maider Maraña zuzendariari posta elektronikoz bidalitako mezu bidez jakinarazi genuen.
Alardearen bezperan, Alkatetzaren Dekretua argitaratu gabe eta Alardea egiteko baimenik eman gabe gure erabakia publikoki komunikatu izanak asmo argia du; lasaitasunaz, arduraz eta errespetuaz jarduten badira ere, euren ekintzen bidez agerian geratzen da herritarren jarrerak polarizatu eta tentsio-egoerez nazkatuta dauden herritar horiek amorrarazi nahi dituztela. Zertara dator komunikatu hori orain argitaratzea, eta ez otsailean?
Halaber, deigarria da, otsailaz geroztik prozesua bertan behera utzi dugula jakinda, Udalak eta Baketik Fundazioak 2026ko maiatzaren 12an 39.900 €-ko lankidetza-hitzarmen bat sinatu izana. Hitzarmenean honela jasota dator, hitzez hitz: “Era berean, hiruko hitzarmena sinatu duten alderdietako batek ere ez du jakinarazi prozesutik erretiratzeko borondatea, justifikazio-memorian (“ez da halako komunikaziorik jaso”) eta Idazkariaren txosten juridikoan (“bitartekaritza-prozesua indarrean mantentzen dela onartu dute alde guztiek”) jasotzen den bezala. Ondorioz, bitartekariaren zereginak indarrean jarraitzen du.”
Gobernu Taldeak Hondarribiko Alardea deslegitimatzeko behin eta berriz egiten duen saiakerarekin, izateko, egiteko eta sentitzeko dugun moduaren aurkako erasoa pairatzera eramaten gaitu. Elkarrekin bizitzea posible dela sinetsita gaude eta horretarako desadostasuna hitzartzea beharrezko ikusten dugu. Irailaren 8an espazio publikoa erabiltzeko eskatzen duten aukera ezberdinen ordutegiak eta ibilbideak nola antolatu adostea beharrezkoa da.
Aniztasunaren defendatzaile sutsuak gara eta Hondarribiak elkarbizitza osoa eta benetakoa berreskura dezan lan egiteko konpromisoa adierazten dugu, konfrontazioetan sartzea saihestuz eta gure jarraitzaileen borondatea defendatuz. Ezberdin pentsatzen duena aintzat hartuz eta errespetatuz iritzi ezberdina izateko artea baita demokrazia.